Gipuzkoak 2025ean 1000 urte betetzen dituela ospatzeko, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta CodeSyntaxek lau erronka berri gehitu dituzte Mendiak APPan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Erronka hauek mendizaletasuna eta Gipuzkoako lurraldearen ezagutza sustatzeko diseinatu dira.
Erronka Nagusia: “G.I.P.U.Z.K.O.A. 1000 Urte”.
Helburua 2025ean zehar Gipuzkoako zortzi eskualdeetako bakoitzean mendi bat igotzea da. Hauek dira mendiak:
- Kurutzebakarra (Debabarrena)
- Andarto (Debagoiena)
- Murugil (Urola Kosta)
- Gazume (Urola)
- Ausa Gaztelu (Goierri)
- Uarrain (Tolosaldea)
- Oindi (Beterri – Donostialdea)
- Munagirre (Bidasoaldea)
Parte hartzeko, Mendiak APPa instalatu behar da eta aipatutako zortzi mendietariko bakoitza igotzean, “G.I.P.U.Z.K.O.A.” hitzeko hizki bat gehituko da, hitza osatu arte. Erronka osatzen duten mendizaleen artean sariak banatuko dira, hala nola, domina digitalak, mendi-orientazio ikastaroak, “Umeekin egiteko ibilbideak (Gipuzkoa)” liburuaren aleak eta Mendiak APParen produktuak.
Beste Erronka Bereziak.
Baina ez da hau aurten plazaratuko den erronka berezi bakarra, beste hauek ere martxan jarriko dira:
- Gertuko 50 Gailurrak: Norbere herritik gertuen dauden 50 gailur igotzea proposatzen da, denbora mugarik gabe.
- Familiak Gailurrean: Haurrekin egiteko moduko 10 tontor igotzea familian, 2025ean zehar.
- Mendia eta Historia: Garrantzi historiko edo kulturala duten 5 menditara igotzea, ondare historiko eta kulturalaren ezagutza sustatzeko.
Erronka hauek mendizaleei Gipuzkoako mendiak modu aktibo eta ludikoan ezagutzeko aukera emango diete, milurtekoa ospatzearekin batera. Mendiak aplikazioa da parte-hartzeko eta erronken aurrerapenak jarraitzeko plataforma nagusia. Bertan topatuko duzue erronka hauei eta Gipuzkoako mendiei buruzko informazio gehiago (datuak, bide egokiak, istorioak,…):



0 Comments