Buzoiak
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAN MENDI GAILURRETAKO GUTUNONTZIAK JARTZEKO ARAUDIA
Gipuzkoako mendi gailurretako gutunontziei dagokien instalazioa, mantenua, birjarpena, desinstalazioa eta ingurumen-sentikortasuna arautzeko asmoz, araudi hau onartzen da.
Euskal Herriko mendi elkarteei edota berezko Euskal eta lurraldeko federazioei era esklusiboan dagokie gure mendi gailurretako gutunontziak jartzeko, mantentzeko, berritzeko, eta desinstalatzeko ahalmena.
Gipuzkoako Mendi Federazioari (GMF-ri), era esklusiboan dagokio, dokumentu honetan zerrendatutako ekintzei baimen egokiak emateko edo ukatzeko ahalmena Gipuzkoako lurralde historikoaren eremuan.
“Gipuzkoako buzoiak” proiektua burutu dute Urdaburu Mendizale Elkarteko kideak. Eskertu nahi dugu parte hartu duten pertsona guztiak 310 zerrendan dauden mendiak burutzeagaitik.
MENDI ZERRENDAREN XEHETASUNAK
Gipuzkoan buzoiei buruzko zerrenda espezifikorik gabe, ez da erreza erreferentziazko zerrenda bat finkatzea. Hainbat iturri arakatu ondoren, eta gutxi gora beherako zenbaketa batekin gerturatu ostean, https://www.mendikat.net webguneko zerrenda iruditu zaie aproposena. Zehazki, 2020-12-31an zituen 1. mailako 112 mendiak eta 2. mailako 200 mendiak (3. mailako 500 mendiak baztertuz). Praktikoki 1. mailako guztiek eta 2. mailako ia denek buzoia badutela ikusi ondoren, eta 3. mailakoetan buzoi gutxi egotea espero delarik (Aralar eta Aizkorrin ez beste).
Bigarren mailako 2 mendi baztertu dituzte, beraien eskalada edo igoera debekatuta edo hesituta dagoelako: Anduitzeko Haitzorrotza (646) Aralar-Arritzagan, eta Faro de la Plata (139) Pasaian. Honekin 310 mendiko zerrenda bat finkatu dute. Horietatik buzoi gabeko 10-15 leudeke, hauetako gehienek gurutze bat edo geodesikoa badutelarik. Hala ere mendi hauek ere igoko dituzte, buzoirik ez dutela egiaztatzeko eta behintzat taldearen argazkia ateratzeko.